Huhezinemaren laburpena egin du MU telebistak

MU Telebistak azken erreportajean Huhezinema 2012ren harira antolatutako ekimen guztien errepasoa egin du. Besteak beste, Euspot Euskarazko Spot lehiaketako, Asier Altuna zinegileak eskainitako hitzaldiko, Huhezinema Euskarazko Film Laburren proiekzioko eta sari-banaketako zenbait une jaso dituzte bideoan, eta protagonistetako zenbait elkarrizketatu ere bai. Hemen, bideoa:

Huhezinemak baditu irabazleak

This slideshow requires JavaScript.

10 film labur finalisten emanaldiarekin eman zitzaion atzo Huhezinema 2012 jaialdiari itxiera. Aretxabaleta Arkupe Kultur Etxean egin zen proiekzioa eta sari banaketa ekitaldia eta bertan egon ziren film labur finalisten hainbat zuzendari. Alberto Gastesi, Ekaitza eta Istmo film laburren zuzendaria Loreto Mauleonekin, Ekaitza film laburreko aktoresarekin etorri zen. Haritz Zubillaga She´s lost control filmaren egilea, Aitor Enerizekin izan zen, azken lan honetan gidoia idazten lagundu diona. Gregorio Muro baita ere bi film labur ordezkatzen egon zen, Zeinek gehiago iraun animaziozko lana eta Por los camareros fikziozko komedia, azken hau Javier Etxanizekin batera zuzendutako lana. Garaipena film laburra ordezkatzen Esteban Ramos zuzendaria egon zen. Superzebraman ordezkatzen Imanol Reta ekoizlea izan genuen. Azkenik, No sé qué hacer contigo filma ordezkatzen Juan Manuel Martínez izan genuen.

Huhezi fakultateko hainbat ikus-entzunezko ikasle eta irakasle ere bai bertan izan ziren, batzuk antolakuntzan laguntzen, beste batzuk sariak jasotzen eta besteak film laburrak ikusten. Sari banaketaren aurkezpen lanak Ainhoa Vitoria eta Xabi Unanuek, Gaztea irratiko esatariek egin zituzten. Sariak banatzeko aurtengo epaimahaikide izan diren Maialen Sarasua eta Beñat Sarasola igo ziren taulara, aurtengo babesle nagusi izan diren Eikeneko zuzendaria, Itziar Mena eta Marta Madinabeitia, Kutxabankeko mendebaldeko zuzendari komertzialarekin batera. Ohiane Agirre, Goiena telebistako programazio zuzendariak Goiena saria eman zuen. Ander Olabe antolakuntzako ikasleak eta Iban del Campok, Huhezinemako koordinatzaileak ere bai sari bana eman zituzten.

Aitor Gutierrez epaimahaikidea ere bai gurekin izan zen Huhezinemako azken egunean. Kimuak egitasmoan lanean dihardun Esther Cabero baita gurekin izan zen sari banaketan eta talisman ona izan zen aurtengo Kimuak katalogoko film laburrentzat. Atzoko ekitaldian banatu ziren zortzi sarietatik, hiru Kimuakeko film laburrentzat izan ziren. Aurtengo saria klaketa batean gorpuztu dugu eta zortzi klaketa banatu ziren atzo. Publikoak emandako hiru sariak eta kartel lehiaketaren irabazleak, Pates Zubiak eskeinitako saski eder bana eraman zituzten etxera.

Jarraian, Huhezinema 2012ko palmaresa:

Sail ofiziala

Euskarazko film labur onena (Goiena saria): Ekaitza (Alberto Gastesi), 1.000 euro.

Film labur onena: She’s lost control (Haritz Zubillaga), 600 euro.

Ekoizpen onena (Eiken saria): She’s lost control (Haritz Zubillaga, Morituri), Urtebeteko Eiken bazkidetza kuota.

Publikoaren saria (Kutxa saria): Zeinek gehiago iraun (Gregorio Muro), 400 euro eta Pates Zubia saskia.

Ikasleen lehiaketa

Film labur dokumental onena (publikoaren saria): Maskarak (Ander Bolibar, Ariane Irazusta, Miren Ormazabal eta Oihan Vitoria), Pates Zubia saskia.

Fikziozko film labur onena (publikoaren saria): Ohartxoak (Izaskun Fdz. de Arroyabe, Maitane Serrano, Monika Juaristi, Josu Badiola, Lander Irazola eta Julene Franzesena), Pates Zubia saskia.

Film labur onena (epaimahaiaren saria): Maskarak. 500 euro.

Kartel lehiaketa

Huhezinema kartel onena: Beñat Flores. Pates Zubia saskia.

Laburpen hitzak , , , ,

Ikasleak sortzaile Huhezineman

Huhezinema jaialdiko bigarren egunean Ikus-entzunezko komunikazioko hirugarren eta lauarren mailako ikasleen txanda izan zen atzo. Ikasleek egindako dokumental eta fikziozko laburrak erakutsi ziren eta publikoak hauek bozkatu zituen. Irabazleak gaurko lehiaketa ofizialeko irabazkeekin batera ezagutuko dira.

Ikasleen film laburrak ikusita, Asier Altuna zinemagileak “Bertsolari” filmaren barrenak erakutsi zituen eta filma egitearen prozesua irudi esanguratsu bidez azaldu zuen. Filmeko fotograma ezberdinen bitartez hauek zuten sinbologiaz eta esanahiez aritu zen besteak beste, eta nola batak besteekin lotuaz lortu zuen “Bertsolari” aurrera eramatea.

Gaurkoan egun potenteena dator. Huhezinemako lehiaketa ofizialeko ekitaldiak itxiko du bosgarren edizio hau. Aretxabaletako Arkupe kultur-etxean izango da, non hamar laburmetrai finalistak ikusteko aukera izango dugun. Ondoren, Huheziko zein lehiaketa ofizialeko sariak banatuko dira eta, azkenik, luntx batekin jarriko zaio amaiera jaialdiari.

Asier Altuna zinegilea, Huhezinema jaialdian “Bertsolari” luzemetraiaren sormen prozesuaz  azalpenak ematen.

Hasi da Huhezinema 2012!

Dagoneko martxan dugu 2012ko Huhezinema jaialdia. Atzo, Aretxabaletako Arkupe kultur-etxeko areto nagusian, Euspot lehiaketak eman zion hasiera jaialdiaren bosgarren edizioari. Lanak ikusi aurretik Alex Aranzabalek publizitateari buruzko hitzaldi bat eman zuen, publizitateak telebistan eta orokorrean ikus-entzunezkoetan duen garrantzian erreparatuz.

Behin hau bukatuta spotak proiektatu ziren eta hiru sari banatu ziren. Euspot sari ofiziala, Iñaki Lasaren “Merkataritzaren erabilera da balioa” spotari eman zitzaiona, MUko lan onenari saria, “Pototan hitza” taldeak egindako “Bai jolasten eta bai erosten, euskaraz nahiago” spotak irabazi zuena, eta, azkenik, publikoaren saria “Kapikua” taldearen “Erosi euskaraz, bizi euskaraz, egin euskara” animaziozko spotak eraman zuena. Azken hau ere MUko ikasleak egindakoa da.

Gaurkoan Huheziko 3. eta 4. mailako ikasleen txanda da. Beren dokumental eta film laburrak erakutsiko dira Huheziko areto nagusian, non hiru sari banatuko diren; bata epaimahaiarena, guztietan bakarrak irabaziko duena eta, bestetik, publikoak dokumental onena eta fikzio onena zeintzuk diren erabakiko du. Hau amaitzean, Asier Altuna zinemagileak “Bertsolari” filman barrena murgilduko gaitu, bere hitzaldi-mintegian.

This slideshow requires JavaScript.

Euspoten ere ikusleek erabakitzen dute irabazlea

Asteartean, hilak 8, izango da Euspoten sari-banaketa ekitaldia Aretxabaletako Arkupe kultur-etxean, 19:00etan hasita. Hiru sari banatuko dituzte: Spot onenaren saria, Mondragon Unibertsitateko ikasleen lan onenaren saria eta publikoaren saria. Azken sari hori, izenak dioen moduan, ikusleek erabakiko dute. Hala, dagoeneko aurkeztu diren bederatzi spotetatik onenari bozka emateko aukera dago Euspoten webgunean.

Huhezinemarekin batera dator aurtengoan Euspot Euskarazko Spot Lehiaketa. Aretxabaletako Udalak, Mondragon Unibertsitateak eta Arteman Komunikazioa Kooperatibak antolatu dute Euspot lehiaketaren lehenengo edizioa.

Aurtengo gonbidatua, Asier Altuna

Huhezinemako aurtengo hitzaldia Asier Altuna (Bergara, 1969) zinegileak eta gidoigileak eskainiko du maiatzaren 9an, asteazkena, Huhezi fakultateko kaperan (Eskoriatza), 17:30ean hasita. Hainbat film luze eta labur egin ditu Altunak; Aupa Etxebeste! (2005), Topeka (2004), Terminal (2002), 40 ezetz (1999) eta Txotx (1997), beste batzuen artean. Gainera, hainbat lan egin ditu Telmo Esnalekin batera.

Hitzaldi berezia izango da Altunak emango duena. Izan ere, Altuna berak zuzendutako ‘Bertsolari’ filmaren sormen prozesuaz jardungo du, besteak beste. Altunak honakoa dio Txintxua Films-en webgunean ‘Bertsolari’ filmaren sorkuntza prozesuaz: “Gaiak berak lagundu digu estimulu moduan filma sortzeko prozesuetan. Asko gozatu dugu inprobisatzen, gidoia filma egin ahala idazten, lehenik amaiera pentsatzen –bertsolariek egiten duten bezala–, bertsoen egitura eta pelikularena alderatzen, isiluneekin eta biluztasunarekin jokatzen, bertigoarekin. Baina batez ere intuizioak gidatu gaitu. Nora iritsiko ginatekeen oso ondo jakin gabe, prozesuarekin gozatu dugu, eta bukatu dugunean izugarrizko poza sentitu dugu”.

2011ko urriaren 14an estreinatu zen ‘Bertsolari’ filma zine aretoetan, eta Euskal Herri osoan izan du oihartzuna, herriz herri, auzoz auzo.

[vimeo http://vimeo.com/28942749

Huhezinemako aurkezleak ere prest!

This slideshow requires JavaScript.

Iristear da Huhezinema 2012, eta jaialdiak iraungo duen egun horietarako aurkezleak ere baditugu dagoeneko. Iazko antzera, bi aurkezle bikote izango dira gurean. Batetik, Odei Esnaola eta Maider Juaristi Huheziko ikus-entzunezko komunikazioko ikasleek egingo dituzte aurkezle lanak. Bestetik, ETBko Gaztea saioko aurkezle Ainhoa Vitoria eta Xabi Unanue izango dira oholtzan.

Hala, hilaren 8ko, astearteko, Huhezinemaren irekierako Euspoten ekitaldia Xabi Unanuek eta Ainhoa Vitoriak aurkeztuko dute, Aretxabaletan. Asteazkenean, ikasleen lanen proiekzioan, Eskoriatzan izango dira bertako ikus-entzunezko ikasle Odei Esnaola eta Maider Juaristi. Ostegunean, berriz ere, Ainhoa Vitoria eta Xabi Unanue igoko dira oholtzara, Huhezinema Jaialdiko sail ofizialeko proiekzioak eta sari-banaketa ekitaldiak aurkezteko.

 

Huhezinemak Eiken Saria emango du!

         Eikenbank 2011ko sari banaketa ekitaldia.

Eiken, Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterra, aurtengo Huhezinema jaialdiko babesle nagusietako bat izango da, Aretxabaletako Udalarekin eta Kutxarekin batera. Horren ondorioz, Eiken Saria banatuko da aurtengo Huhezineman aurreneko aldiz. Eiken Sari hori, hau da, Ekoizpen Onenaren Saria, nori eman epaimahai ofizialak erabakiko du.

Eiken saria jasotzen duen filmaren ekoizleak Eikeneko bazkide izateko urtebeteko kuota jasoko du. Hau da, kuota ordainduta izango du datorren urtean eta abantailak jasoko ditu beste edozein bazkideren gisan. Sari honen helburua da, mundu profesionalean erabat sartuta ez dauden ekoizleei, hara jauzi egiten laguntzea.

Bestalde, Huhezinemako ikasleen lehiaketa irabazten duen taldeak (epaimahai ofizialak emandako saria) aurtengo EikenBANKeko sari-banaketa ekitaldira joateko gonbita jasoko du, eta film labur horrek EikenBANKeko aipamen berezia eta ‘Face to Face’-an parte hartzeko aukera izango ditu.

Laburpen hitzak ,

Huhezinema 2012ko epaimahaia, osatuta!

Aurtengo Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiko epaimahaia osatzen dute Aitor Gutierrezek, Beñat Sarasolak, Maialen Sarasuak eta Miguel Gomez Tejedorrek. Horiek bananatuko dituzte lau sari; lehiaketa ofizialean, Euskarazko Lan Onenaren Saria, Film Labur Onenaren Saria eta Produkzio Onenaren saria, aldiz, ikasleen lehiaketan Film Labur Onenaren Saria. Hemen epaimahaikideen ibilbidearen inguruko informazioa:

Aitor Gutiérrezek telebistarako saio desberdinetan egin du lana. Besteak beste, ‘Escépticos’, zientziari buruzko telesail dokumentalean eta ‘Ciudad K’, TVE-rako umorezko telesailean. Gainera, ‘Pagafantas’ eta ‘No controles’ filmeen making off-ak egin ditu eta hainbat bideoklip zuzendu ere bai. ‘Perestroika’ on-line telesaila ko-idatzi eta zuzendu ondoren, Notodofilmfest-eko aurtengo finalista den ‘Tesla. Versión 04′ laburmatraia zuzendu eta idatzi du.

Beñat Sarasola idazlea eta literatura ikertzailea da. Filosofian eta Literatura Konparatuan lizentziaduna da, eta estetika modernoaren inguruko tesia amaitzen ari da gaur egun. Bi poema liburu ‘Kaxa huts bat’ (Alea) eta itzulpen bat ‘Nemesis’ (Philip Roth) ditu kaleratuta. ‘Berria’-ko literatura kritikaria izan zen lau urtean eta Euskal Herriko hainbat komunikabidetan kolaboratu izan du.

Maialen Sarasua Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua da 2005. urtean, Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitatean. Azken urteetan Moztu Filmak enpresan aritu da lanean eta ‘The Last Passage’ eta ‘Prohibido Recordar’ dokumentaletan, edizioan eta postprodukzioan hartu du parte. Aurretik, Orio Produkzioak-ek ekoitzitako Sautrela literatura saioko errealizadore izan. Egun, Zinez elkarteak bultzatutako ‘Kartzelako Poemak’ dokumentalaren edizioan dabil. Gidoilari eta zuzendari moduan, lau proiektu atera ditu aurrera Sarasuak: ‘Hemen Nago’ fikziozko film laburra (Lekeitiko Euskal Zine Bileran eta Huhezineman saritua), ‘Prescrit 69/78′ luzemetrai-dokumentala (beste hiru zuzendarirekin batera) eta ‘Uraren azalean’ eta ’14 Apostolu’ laburmetraia-dokumentalak.

Miguel Gomez-Tejedor Geologian lizentziatua da, Euskal Herriko Unibertsitatean. 90. Hamarkadan diseinu grafikoan hasi zen lanean, eta 1998an animaziozko produktuak egiteari ekin zion. Baleuko ekoiztetxean hasi zen lanean, eta 2002an produkzio arduradun izendatu zuten. 2006an, berriz, Baleukoko garapeneko eta ekoizpen exekutiboko arduradun izendatu zuten ‘Blackie and Kanuto’, ‘The wish fish’, ‘Olentzero eta iratxoa’ eta ‘Olentzero eta oparien ordua’ lanak egiteko. Bestalde, ‘Black to the Moon’ eta ‘Smolitoon’ telesailak garatu zituen.

This slideshow requires JavaScript.

Follow

Get every new post delivered to your Inbox.

144 harpidedun